UPV/EHU, Enpresa Sustapenerako Europar Sari Nazionala

Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean egitasmoak Europa osoko ekimenekin lehiatu du

Ekintzaile-kulturan trebatzea helburu duen Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean programa Enpresa Sustapenerako Europar Sari Nazionala lortu du. Hain zuzen ere, Enpresa ekimenaren sustapena izeneko kategorian lehiatu du. UPV/EHUren proiektuak Europar Batasuneko gainerako herrialde guztiek egindako proposamenekin izan da lehian.

Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean programa 1999. urtean abiatu zen, UPV/EHUko ikasle, irakasle eta ikertzaileek ekintzailetza arloan zeukaten informazio eta trebakuntza gabezia konpontzeko. Programa unibertsitate komunitate osoari zuzenduta dago, hau da, 50.000 lagun baino gehiagori.

Egitasmoaren azken helburua enpresa-ekimen berritzaileak eta oinarri teknologikodunak sortzea da. Lau atal nagusi ditu proiektuak, dibulgaziotik hasi, eta  sortutako enpresei zuzendutako aholkularitzarekin amaitu. Programa jarduera ludiko-trebatzaileekin eta balizko ekintzaileentzako ikastaro berezituekin  abiatzen da, unibertsitate ikasleen artean ekintzailetza kultura sustatzeko. Ostean, enpresa proiektua garatuko duten ekintzaileei banan-banako laguntza eskaintzen zaie; eta bukatzeko, enpresa berriei lehenengo urte bietan aholkularitza eta laguntasuna ematen zaie.

Programa sortu zenetik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien sostenguarekin, jarduera ludiko-trebatzaileetako parte-hartzea nabarmen hazi da. Horrezaz gain, bai UPV/EHUk sustatutako oinarri teknologikodun enpresak, bai enpresok merkatuan ipini dituzten produktuak ere asko ugaldu dira. Hain zuzen ere, 2010-2015 aldian 81 enpresa sortu dira. Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez,  “atsegin handiz jasotako saria da. Pertsonen ongizatearen handitzera lagundu duen UPV/EHUren lan eta enpresa ekimena saritu dute, baita euskal gizartera egiten den ideia eta unibertsitate-ikerketaren transferentzia ere”.

Sariaren inguruan

Europako Batzordeak antolatutako European Entreprise Promotion Awards-ek enpresa espiritua bultzatzen duten aparteko ekimenak aintzatetsi eta saritzen dituzte. Sarien lehenengo aldia 2005ean antolatu zen. Herritarrak enpresen garrantziaz konturatzea dute helburu, baita ere.

Proposamen finalistak aurkezteko epea ekainaren 26an amaitu zen. Europako Batzordeak aukeratutako epaimahaia Bruselan bildu zen, hautagaien proiektuak aztertu eta irabazleak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Sariak PYMEren urteko Biltzarrean banatuko dira, Luxenburgon.

 

Leave a Comment

Esta web utiliza cookies, puedes ver aquí la Política de Cookies