Ángel Armando Garcíak eta Anita Inchauspek ideia berritzaileen sariak eskuratu dituzte Uhinak proiektuari esker
Etorkizun hurbilean, sakelakoak kablerik gabe kargatu ahalko ditugu. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ángel Armando Garcíak eta Anita Inchauspek kontsumo urriko gailuetarako hari gabeko elikatze iturriaren prototipo bat garatu dute. Prototipo horri berrikuntzaren bi sari eman dizkiote jada: Asturiasko X. Treelogic edizioaren lehenengo saria eta Bizkaiko Think Big 2016 lehiaketako bigarren saria.
“Uhinak proiektuak hari gabeko energia irtenbidea proposatzen du kontsumo urriko –hau da, 5 voltetik beherako– gailuetarako, eta informazio teknologiak integratuak dituzten sakelako telefonoetan nahiz erloju berrietan erabili ahal izango da”, azaldu du Ángel Armando Garcíak. Gailuak emisore bat du, sarera konektatua, eta hargailu bat edozein gailu mugikorretan integratzen da.
Prototipoaren abantailei dagokienez, Anita Inchauspek hau nabarmendu du: “Hari gabeko kargagailua ekologikoagoa da, kobrea eta plastikoa aurrezten direlako, kostuak murrizten direlako eta kargagailua txertatua daramaten gailuak txikiagoak izango direlako. Esate baterako, prototipo honekin ez da erabili beharko auto batek dituen 2.500 metro kableren % 60; gainera, ibilgailuaren sentsoreak, kontrol aginteak eta jakinarazpenak hari gabeko elikatze iturri baten bidez elikatu ahalko dira. Horrela, auto ekologikoagoa izango dugu, mantentze lan gutxiago beharko dituena, eta seguruagoa izango da, ez delako egongo huts egin dezakeen kablerik”.
X. Treelogic edizioko lehen saria 4.000 eurokoa da, eta guztiok erabiltzeko moduko ideia berritzaileei edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiak integratzen dituztenei ematen zaie, betiere arazo errealei aurre egiten badiete. Ángel Armando Garcíak eta Anita Inchauspek ostegunean jaso zuten saria, Oviedon, eta berehala bueltatu behar izan zuten Bilbora, Think Big lehiaketako sari banaketara, non 1.000 euroko bigarren saria eraman baitzuten.
Sarien bidez lortutako diru guztiarekin, martxan jarriko dute García amaitzen ari den gradu amaierako lanean oinarrituriko enpresa proiektua (Zientzia eta Teknologia Fakultateko Joaquín Portilla irakasleak zuzentzen du lana). Anita Inchauspek iragan urtean lortu zuen Ingeniaritza Elektronikoko Gradua. Ekintzaile biek, halaber, eskerrak eman nahi dizkiote Elektrizitatea eta Elektronika Saileko Irrati Maiztasun eta Mikrouhin Taldeari, emandako laguntza handiagatik.