UPV/EHUko 2.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte online bideo-jokoen B-Cubes enpresa-estrategiari buruzko lehiaketan.
Bideo-jokoek eta Rubiken kuboek enpresa estrategiak aztertzeko balio dute, zalantza barik. Horren erakusgarri B-Cubes online bideo-jokoan parte hartu duten 2.000 ikasleak dira. B-Cubes enpresa-estrategia jokoa da, enpresak sortzen laguntzeko UPV/EHUren Zitek, Entreprenari eta Inizia programek sortua. Hiru campusetako ikasleek hartu dute parte edizio honetan.
400 parte-hartzaile heldu ziren amaierako faseetara, eta horietako lau besterik ez Azkuna Zentroan egin zen final handira. AzPlay Bideo-joko Independenteen Nazioarteko VII. Lehiaketaren barruan jokatu zen finala. Stephanie Andrea Rincón Bautista, Sergio Morales, Giancarla Noemí Gómez eta Diego Bonachia Soto izan ziren finalistak. Laurak dira Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleak. Stephanie izan zen irabazle, eta bere ostean sailkatu ziren Sergio, Giancarla Noemí eta Diego.
B-Cubes enpresak ‘cubits’ izeneko metalezko kuboak ekoitzi eta merkaturatzen ditu. Prozesu osoa eraiki eta kudeatzea da erronka, hau da, kuboak ekoizteko makineriaz, I+G sailaz, beharginen kontratazioaz eta baita salmentaz ere arduratzea. Horri guzti horri egin behar izan zioten aurre parte-hartzaileek.
B-CUBES from UPV/EHU on Vimeo.
Sergiok azaltzen duenez, jokoaren helburu nagusia da: “Enpresa bat modu eraginkorrean kudeatu behar da, bere alderdi guzti-guztiak kontuan hartuta, baliabide guzti-guztiak: finantzak, ekoizpena, salmentak, marketina, eta abar. Benetako enpresa bat gobernatu behar izan dugu, azken baten”.
Lehenengo eta behin, entrenamendu gogorra
Parte-hartzaileek demo bat zeukaten prestatzeko, eta horrekin entrenatu dira finalistak ere. Argi daukate finala baino lehenagoko lana erabakigarria izan dela azken fasera ondo prestatuta iristeko. Demoarekin egin zituzten lehenengo probak, estrategiak doituz eta etekin handiena ematen ziena topatu guran. Estrategiak hobetu eta egokitzeari denbora askotxo eskaini diotela aitortu dute. “Ordu piloa eman ditugu, gogor entrenatu beharra dago”, nabarmentzen du Sergiok. “Estrategia irabazlea” lortu arte ez zuen etsi.
Stephanie Andrea irabazlea lagun batekin aritu zen jokoan, probak egin eta egin, eta ondoen funtzionatzen zuena aurkitu nahian. “Makina bat proba egin nituen: laborategi bat sortu nuen, burdin-minerala ekoizten zuen enpresa… baina ez zuten nik nahi nuen moduan funtzionatzen. Puntuazioa gehien lortzen zuena kuboak eginda erosi eta saltzea zen. Bide hori jarraitu nuen”, gogoratzen du. Diegok ere lan gogorra egin zuen, eta apurka-apurka jokokoaren faseak gainditzen joan zen. “Beste parte-hartzaileek euren puntuazioak Twitterren ipintzen zituztela ikusi nuen, eta horrek zirikatu egin ninduen. Eta ia konturatu barik finalean nengoen!”.
B-Cubesen parte hartzeko ez da derrigorrezkoa enpresez, ekonomiaz edo marketinaz jakitea, baina badirudi laguntzen duela; izan ere, lau finalistak Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleak dira. Sergioren ustez, “EAZ ikasteak eskaintza eta eskaera gakoekin pentsatzeko erraztasuna eman ahal izan dit”. Stephanie Andreak ere graduan ikasitakoaren onura izan zuen, berbarako, eskaera handitzeko komunikazio politiken garrantziaz ohartu zen. “Graduan ikusitako kontuak dira, eta jokoan erabili ahal izan ditut”, dio garaileak.
Final biziki lehiatua
Finalean inprobisatu beharra izan zuten, ezinbestean. Lau finalistek hamaika arazori egin behar izan zioten aurre: banku-krisia; atzerrian saltzea besterik uzten ez dien krisi nazionala; enpresak stockean soilik zutena saltzen behartzen zituen hornikuntza-krisia, eta abar. Ez zuten hainbeste oztopo espero, ezustean aurkeztu zitzaizkien. Erantzuteko gaitasuna oso garrantzitsua izan zen, beraz, parte-hartzaileen puntuazioetan.
Diego heldu zen finalera puntuazio onenarekin, baina bera izan zen kanporatutako lehenengoa ere. “Finalak ez zuen ezelako zerikusirik izan aurreko faseekin. Arazoei di-da erantzun behar zitzaien. Ordenagailuek ez zeukaten arratoirik, eta ni ez nago ohituta, horrek ere ez ninduen larregi lagundu, egia esan”, gogoratzen du Diegok. Azkenean, laugarren geratu zen.
Marketineko ikaslea izanik, Diegok nagusiki estrategia komertziala zeraman, baina gainerako arloak ez zituen behar den beste jagon. “Bat-batean ezin nuen finantzaketarik eskatu, krisian geunden, langileak greba antolatuta zeukatean… Jokoaren maila bakoitzean konpondu beharreko arazoak ipintzen zizkiguten, eta ez nuen asmatu erantzun azkarrak ematen”, dio.
Bigarren sailkatutako Sergioren estrategian ere alde komertziala gailendu zen. Finalera heldu orduko parte-hartzaile bakoitzak bere erara zeukan antolatuta enpresa, horrek eragin zuzena izan zuen finalean. “Finalean proposatutako arazoei modu egokian erantzuteko moduko enpresa antolatuz gero, ez zegoen arazorik, baina produktu zehatz batzuk erosi eta saltzea soilik egin ezkero ezer gutxi zeneukan egiteko finalean”.
Stephanie Andreak hazkunde jasangarrian oinarritu zuen bere estrategia: lehenengo, kontratatu eta erosi egin zuen; ostean, ekoizteari ekin zion; eta, gero, saldu eta hazten hasi zen. Modu orekatuan egin zuen dena, bai fabriketan bai dendetan ere, eta berak ekoitzitakoa soilik saltzea erabaki zuen. “Aurkezten zizkiguten egoerek nire enpresan eragin handirik ez zutela ikusi nuenean, aurretiaz egindako guztia erronkekin bat zetorrela konturatu nintzenean, bide onean nindoala ohartu nintzan”.
Eta, amaieran, primerako sariak
B-Cubeseko finalean 3.000 euro banatu ziren saritan. Stephanie Andreak 1.000 euroko txekea jaso zuen; Sergiok, 500 eurokoa; eta Giancarlak eta Diegok, 300ekoa. Horrezaz gain, jokoa osatu zuten parte-hartzaile guztien artean 100 euroko sei sari zozketatu ziren, eta Twitteren euren emaitzak ipini zituzten lehenengo hirurogeita hamarrek Rubik kubo bana jaso zuten.
“Asko gustatu zitzaidan jokoa, berriro emango nuke izena, bai”, dio, sariarekin pozarren, Stephanie Andreak. Sergiok eta Diegok ederto pasatu zuten jokoan, eta guztiz gomendagarria dela begitantzen zaie. “Errepikatuko nuke, zalantza barik”, adierazten du Diego, eta beste batzuk be animatu gura ditu. “Ikasle guztiak animatuko nituzke, oso interesgarria iritzi diot enpresa-simulagailu batekin aritzeari. Gainera, gauza berriak ikasteaz aparte, primerako sariak irabaz zenitzake”, dio.
Sergiori Zitek-ek antolatutako jarduera guztien berri izatea gustatzen zaio, enpresak sortzen laguntzen duen programak atondutako lehiaketa baten baino gehiagotan hartu du parte. “Zitek-n lehiaketak interesatzen zaizkit, adi egoten naiz haiek zer antolatutako, eta aurrerantzean ere berdin egingo dut, jakina”.
Campusa UPV/EHU-k argitaratutako erreportaia