Elkarrizketa: Segurleku, lehenengo saria Think Big

Enpresen administrazio eta zuzendaritza ikasten ari zarete, zergatik aukeratu zenuten bide hori zuen prestakuntzan?

Beti gustatu izan zaigu enpresa mundua, eta bostok gaude ekintzailetzaren espezialitatean, oso atsegin dugu eta. Gutako batzuk parte hartu dugu zenbait ekintzailetza proiektutan, esaterako, bada bat padelerako produktuak saltzen dituen Airpadel enpresan aritu zena, beste bat saskibaloi klub bateko presidentea dena eta arropa marka bat sortzen hasi zena… Denok egon gara hainbat proiektutan inplikatuta, eta egunen batean ekintzaile arrakastatsu izan nahi genuke.

Nolatan animatu zineten zuen proiektuak Think Big lehiaketan aurkeztera? Eta zertan datza proiektua bera? Nondik sortu zen ideia, zein premia ase ditzake?

Duela pare bat hilabete otu zitzaigun ideia, gelan geundela, oinarri teknologikoko enpresa proiektu bat sortzeko “brainstorming” saio baten ondoren. Negozio plana egin genuen ikasgairako, eta María Sáiz irakasleak animatuta erabaki genuen lehiaketan parte hartzea. Bazuen konfiantza gugan, eta ikusarazi zigun posible dela ideia guztiak egia bihurtzea. Bere laguntza funtsezkoa izan da, eta beti izango du gure esker ona.

Ideia aitzindaria da Estatu osoan, ez dago gurea bezalako konponbiderik inongo hondartzatan. Toki batzuetan badaude armairuak, baina gureak kode elektroniko pertsonalizagarri batekin irekitzen dira; beraz, ez da eskumuturrekorik edo giltzarik behar.

Bitxia da, premia sinplea da, baina oraindik ez du konponbide onik merkatuan.

Hala da, bai. Dena den, SegurLekuk beste balio erantsi batzuk ere identifikatu ditu, erabiltzaileentzat oso interesgarriak izan daitezkeenak, adibidez: WiFi seinalea jasotzeko eta dispositibo mugikorrak kargatzeko aukera, panel informatibo bat informazio eguneratuarekin (olatuak, bandera)…

Argi dago hondartzara maiz joaten den jendearen premia batzuk konpondu ditugula, baina badaude beste onuradun batzuk ere, esaterako, ur kirolak egiten dituztenak, ez baitute izaten beren gauzak gordetzeko tokirik.

Era berean, asmoa dugu app bat eta estetika paregabe bat sortzeko; horregatik guztiagatik, SegurLeku produktu bakarra eta berritzailea da.

Think Big aukera bikaina da talentu gaztea ikusgarri egiteko eta talentu hori sarean lanean jartzeko…

Horrelako lehiaketak funtsezkoak dira ideiak dauzkaten pertsonek ideia horiek erakuts ditzaten, eta baita ere beste lehiakide batzuekin esperientziak partekatzeko. Egia esan, harrituta gelditu ginen ikusi genuenean zenbat proiektu aurkeztu ziren eta nolako kalitatea zuten. Proiektu orotan antzeman genuen pertsona bakoitzak bere ideian jarri duen ilusioa; espero dut gehienak martxan jarriko direla, onuragarria litzatekeelako gizartearentzat eta gure inguruko ekonomiarentzat. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da erakundeen inplikazioa, erabilitako baliabideek aberastasuna itzuliko bailiokete lurraldeari.

Laguntza teknikoa eta baliabide ekonomiko batzuk ere jasotzen dituzue, ezta? 

Bai, hasieratik jarri ziren gurekin harremanetan, gure proiektua zertan datzan jakiteko eta aholkularitza ematen digute edozein zalantza edo galdera argitzeko. Gainera, lehiaketa antolatzen duen Zitek erakundeak bulego bat utzi digu lanerako eta gure proiektuarekin jarraitzeko.

Bestalde, diru-laguntza oso garrantzitsua da, ilusioa eta anbizioa ez baitira nahikoa; egia esan, baliabide ekonomikoak beharrezkoak eta funtsezkoak dira edozein proiektu martxan jartzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Zitek erakundeari; horrelako ekimenak beharrezkoak dira gazteek beren ideiak egia bihurtu eta ametsak bete ditzaten.

Sari honek animatzen zaituzte etorkizunean ekintzaile izatera ala aztertzen ari zarete besteren kontura lan egitea?

Sari hau izan da enpresa bat sortzeko behar genuen behin betiko “bultzadatxoa”. Egia esan, ekimenak muntatzearen eta ekintzaile izaten jarraitzearen aldekoak gara, espiritu horixe daukagu geure barruan.

Gustatzen zaigu arima libreak izatea eta errutinazko lanetatik urruntzea!

Leave a Comment

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver Política de cookies
Privacidad