Ikasleen lau proiektu saritu dira Think Big lehiaketan
Stoplines, Ikastravelling, Never Too Late eta Quimionut proiektuak saritu ditu Think Big 2015 enpresa ideien lehiaketak. Sari-banaketa UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan izan da. Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko ZITEK Programaren barruan dago Think Big. Aurten, 55 ikaslek hartu dute parte (36 gizonezko eta 19 emakumezko), eta 17 proiektu aurkeztu dituzte.
Ikasleen artean espiritu ekintzailea bultzatzea du helburu enpresa ideien lehiaketak, baita unibertsitatean jasotako esperientziak eta ezagutzak praktikan jartzea, zerbitzuak eta produktuak merkaturatzeko. Epaimahaik lau irizpide hartu ditu kontuan erabakia hartzeko: ideiaren berrikuntza eta originaltasuna, haren garapena, bideragarritasun teknikoa eta gazteen konpromisoa.
Aurtengo edizioa, Stoplines proiektuak irabazi du, eta 1.500 euro jasoko ditu. Ana Sánchez, Yéssica Díaz, Natalia Romero, Leire Oset, Janire Triguero eta Yaiza Urdiales sustatzaileek kutxatik pasatu gabe ordainketak egiteko telefono mugikorrarentzako aplikazioa garatu dute. Egileak Enpresa eta Ekonomia Zientzien Fakultateko ikasleak izan dira.
Bigarren saria Ikastravelling eta Never Too Late egitasmoek jaso dute. 1.000 eurona jaso dute. Enpresa eta Ekonomia Zientzien Fakultateko ikasle Igor Anasagastik eta Alexander Ramosek sortu dute Ikastravelling proiektua, ikasle eta bidaia-agentzien arteko bitartekoa. Bestalde, Never Too Late ideiaren egileak hauek izan dira: Jon Barredo, Paula Ispizua, Iñigo España, Alejo Lauro eta Israel Betolaza. Psikologiaren, Arte Ederren eta Ekonomia eta Enpresen Zientzien fakultateko eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikako ikasleak dira, hain zuzen ere. Haien egitasmoak arrisku- eta mendi-kirolen ustiapena merkatu-nitxo moduan ikusten du.
Azkenik, epaimahaiak hirugarren saria, 500 eurokoa, Quimionut proiektuari ematea erabaki du. Medikuntza eta Odontologia Fakultateko ikasle Iera Hernándezek, Emma Martínezek eta Alba Herrerok kimioterapia eta elikadura elkartu dituzte minbiziaren aurkako terapian.
Sari-banaketa ekitaldian parte hartu dute Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak, Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanetako zuzendari Aitzol Lamikizek, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa-Sustapen Zerbitzuko buru Eva Armestok eta BEAZeko programen teknikari Juan Arruek.