Spouted Bed Solutions (SBS), Landatu Solar, Lou Ingeniería eta Profesiolan saritu dituzte

2024ko abenduaren bia, Bizkaiko Campusean oinarri teknologikoa duten unibertsitate enpresa berritzaileen sorrera aitortzen duten X. Abiatu Sariak banatu dituzte Bizkaia Aretoko Arriaga aretoan.
Hauek izan dira saridunak: Spouted Bed Solutions (SBS), oinarri teknologikoko enpresa onenaren saria (6.000 €); Landatu Solar enpresa berritzaile onenaren saria (5.000 €); Lou Ingeniería, oinarri teknologikoko enpresa kategoriako bigarren saria (3.500 €); eta Profesiolan, enpresa berritzaile kategoriako bigarren saria (2.500 €).
Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZ Bizkaiak bi hamarkada daramatzate ahaleginak batzen Zitek programan, UPV/EHUn kultura ekintzailea eta enpresa berritzaileen eta oinarri teknologikokoen sorrera sustatzeko. Testuinguru horretan sortu ziren 2003. urtean Abiatu Sariak, bi urtez behingoak, Bizkaiko Campusean sortutako oinarri teknologikoko unibertsitate-enpresa berritzaile onenak aitortzen dituztenak.
Hona hemen enpresa irabazleen jardueraren deskribapen labur bat:
- SPOUTED BED SOLUTIONS (SBS): Hondakinen balorizazio termikorako eraginkortasun handiko soluzio teknologikoak eskaintzen dituzte. HECO (High Efficiency Contact) teknologia merkaturatzea eta ezartzea lehortze-plantetan eta pirolisi-erreaktoreetan, hondakinak murrizteko eta errebalorizatzeko: plastikoak, pneumatikoak, biomasa, moldekatze-hareak, etab.
- LANDATU SOLAR: Eguzki-energia fotovoltaikoko soluzioak. Eguzki-sistemak eraginkortasunez instalatzeko euskarri modularrak eta pilagarriak diseinatzea, espazio-murrizketak dituzten eremuetan, hala nola ur-gorputzetan eta hiri-azalera lauetan.
- LOU INGENIERIA: 4.0 Industriako teknologia aurreratuak hezkuntza-inguruneetan integratzea. Laborategi teknologikoak diseinatzea eta sortzea elektrizitatearen, elektronikaren, automatizazioaren, energia berriztagarrien eta robotika kolaboratiboaren arloetan, espazio horiek benetako ekosistema interaktiboak eta digitalizatuak bihurtuz.
- PROFESIOLAN: Enpresen eta negozioen salerosketarako plataforma digitala. Enpresen marketplace batean oinarritutako tresna seguru bat garatzea, matchmaking eta eragiketak ixteko plataforma batekin osatua.