Zitek, 25 urte Bizkaian ekintzailetza bultzatzen

Sorreratik mende laurden igaro ondoren, EHUren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BEAZen programak bere helburua berretsi du: ikerketa enplegu, enpresa eta industria-garapen bihurtzea.

Erakundeetako ordezkariak, teknikariak eta akademiako kideak, baita ZITEKek bultzatutako enpresetako arduradunak ere, programaren 25. urteurreneko ekitaldian bildu ziren.
Argazkia: Mitxi. EHU.

Zitek programak, Bizkaiko Campuseko ekintzailetza sustatzen duen programak, bere 25. urteurrena ospatu du asteazken honetan, han 10 enpresa nabarmenenen ibilbidea aitortu zen, baita urte hauetan zehar garapenean lagundu duten langile, irakasleen eta ikasleen lana ere.

​150 konpainia sortu dira, milaka pertsona trebatu dira eta laborategitik merkatura hainbat proiektu igaro dira, Bizkaian ikerketaren eta ekonomia errealaren arteko zubi egonkorra sendotuz. EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek sustatuta, programak 25. urteurrena ospatu zuen herrialdeko unibertsitate-ekintzailetzaren eragile nagusienetako gisa.

Ospakizunean parte hartu zuten, besteak beste, Ane Miren de Ariño Otxoa Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendariak, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak eta Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak.

Bizkaiko Campusaren ekimen honek 25 urte bete ditu, ekonomia errealerako ezagutza-transferentziaren funtsezko pieza bihurtuta. 2000. urtean Portugaleten apustu estrategiko gisa jaio zena, unibertsitatearen eta herrialdeko ekonomia-ehunaren arteko zubi irmo gisa sendotu da. Hala: 150 enpresa sortu, ehunka proiektu lagundu dira eta milaka profesional igaro dira bere haztegietatik. Horri gehitu behar zaio ekintzailetza-kulturaren aldeko apustu iraunkorra, 10.000 pertsona baino gehiagok parte hartu baitute ikastaro, programa eta sarietan urte hauetan zehar.

Zitekek Estatuko enpresa-haztegien rankingean leku bat egitea lortu du, kalitate handiko zerbitzu ugari eskaintzeagatik nabarmentzen diren haztegiak biltzen dituen kategoria. “Global Funcas rankingak bere azken sailkapenean adierazi zuen Euskal Herriko Unibertsitatea spin-off enpresak (edo oinarri teknologikoko enpresak) sortzen dituzten erakunde liderretako bat dela, eta bere ingurunean lehen postuetan egoten dela maiz”, azpimarratu zuen Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak.

Portugalete, Leioa eta Bilboko egoitzetan, aipatu legez, sektore estrategikoetan lehiatzeko gai diren enpresak sortu ditu Zitekek. Adibide gisa, 25. urteurren honetan aitortutako hamar enpresek bakarrik 300 enplegu baino gehiago sortu dituzte eta 30 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa gainditu dute.

Histocell, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatetik sortutako enpresa

Histocell unibertsitateko ezagutza enpresa-ehunera transferitzearen adibide argia da. 2006an sortu zen, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ekimen gisa, Ana Alonso eta Teodoro Palomares Histologiako irakasleek eta bi ikertzailek osatua. Konpainiak bi hamarkada hauetan medikuntza birsortzailean oinarritutako eredu sendotu du.

Gaur egun, 50 profesional inguru ditu, oso kualifikatuak Medikuntzan, Biokimikan eta Biologian, Zamudioko eta Larrabetzuko egoitzen artean banatuta. Bere jarduera ehunen birsorkuntzarako eta patologien tratamendurako irtenbideak garatzean oinarritzen da, batez ere eremu baskularrean. “Poztasun handiena berrikuntzaren bidez gizarteari laguntzea eta enplegu kualifikatua sortzea da”, azpimarratu du Ana Alonsok, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko fundatzaile eta katedradunak.

Nemergent Solutions, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolatik sortutako enpresa

Zenbakiez harago, horrelako startup-en eragina balio ekonomikoa sortzeko eta talentu kualifikatua atxikitzeko duten gaitasunaren arabera neurtzen da. Zitek programatik sortutako enpresek sektore estrategikoak dinamizatzen eta lurraldean ekosistema berritzaile bat sendotzen lagundu dute. Horren adibide da Nemergent Solutions, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleek 2017an sortutako ingeniaritza-enpresa. Unibertsitateko ikerketa-talde batetik abiatuta, konpainiak hazkunde nabarmena izan du urte gutxitan: Erandion eta Gasteizen egoitzak ditu, 55 langileko plantilla eta 3 milioi euro inguruko fakturazioa. Komunikazio kritikoetarako irtenbideetan espezializatua, ahots-, datu- eta bideo-zerbitzuak garatzen ditu larrialdietarako, segurtasun publikorako, trenbide-garraiorako eta industriarako, besteak beste. Gainera, nazioarteko jarduera bizia du, Erresuma Batuan, Mexikon, Finlandian, Suitzan eta Austrian, besteak beste. “Hazkunde-erritmo horri esker, datozen bi urteetan 100 langile baino gehiago izatea aurreikus dezakegu”, adierazi du Oscar Fajardo CEO-ak eta eta Fidel Liberalekin batera enpresaren sortzaileak.

Etorkizunari begira, Zitekek bere proiektuak bioteknologia, teknologia kuantikoak, ekonomia berdea edo adimen artifiziala bezalako arloetara bideratzen ditu, gaur egungo erronka handiekin bat eginez.

Zylk, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik sortutako enpresa

Zylk enpresa, 2004an EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko sei fisika ikaslek sortua, berrikuntzaren adibide bihurtu da industria-arloan. Kode irekiko softwarea (open source) eta adimen artifiziala erabiltzen espezializatua, konpainiak beste enpresei laguntzen die digitalizazioan aurrera egiten eta datuak eta prozesuak kudeatzeko modua hobetzen. Gaur egun, 62 langile eta 4 milioi euro inguruko fakturazioa ditu, eta industria-talde handiekin lan egiten du, hala nola Gestamp, Volkswagen ITPAero eta ArcelorMittal. Bere jarduerak informazio-bolumen handiak aztertzetik sistema adimendunak garatzeraino hartzen du, eta, gainera, linea berriak aztertzen ditu, hala nola konputazio kuantikoa eta energia-kontsumo txikiko teknologiak. “Gure jarduera Digital Experience plataformetan (Liferay), BigData eta adimen artifizialean (Cloudera eta Apache) oinarritzen da, batez ere industria-inguruneetan aplikatuta, eta datuaren gobernantza eta subiranotasuna lehenetsiz. Gainera, negozio lerro berriak ditugu, hala nola konputazio analogikoa eta energia-kontsumo txikiko konputazio-teknikak. ZYLK enpresan fabriketako konektibitatea hobetzeko lan egiten dugu, eta 4.0 industriatik haratago joateko, fabrikazio-eredu autonomoetarantz, non sistemek denbora errealean erabakiak har ditzaketen, prozesuak optimiza ditzaketen eta beharretara malgutasunez egokitu daitezkeen”, azaldu du David Olmos Bilboko konpainiako CEO eta sortzaileak.

Biscay Bay Startup Campus, ikasleek sortutako proiektua

Proiektu guztiak ez daude fabrikazioarekin edo manufaktura-industriarekin lotuta, hala Biscay Bay Startup Campus proiektua 2018an sortu zen Europako gazte ekintzaileak konektatzeko eta gizartean eragina duten startupen sorrera sustatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan sortu zen hain zuzen Biscay Bay Startup Campus, hiru ikaslek — Patricia Draghici, Ander Méndez eta Ignacio Santos — bultzatuta. Ikasle horiek ZITEK programan parte hartzen zuten bitartean garatu zuten proiektua, bakoitzak bere ezagutzetatik. Unibertsitatea izan zen proiektua sustatu zuen lehen erakundea, bai babesaren bidez, bai harreraren bidez, eta lau urtez mantendu zuen. Gai monografikoen bidez —lau ediziotan: emakumeen lidergoa, eragin soziala, open innovation eta klima—, topaketa sendotu egin zen ekiteko eta ingurunea eraldatzeko asmoa duten gazteak konektatzeko gune gisa.

Auziker, Analisi Forentsea Graduondoko Master Amaierako Lanetik ateratako enpresa

Ainhoa Isla eta Luis Bartolome buru dituen AUZIKER proiektua lehen urratsak ari da ematen enpresa gisa, Islak ekimenaren ideia EHUko Analisi Forentsea Graduondoko Master Amaierako Lanetik atera ondoren. “Zortzi urteko ikerketaren eta bi patenteren garapenaren ondoren, ekimenak txakurren entrenamendurako teknologia berritzailea sortu du, aromen birsortze zehatzean oinarrituta, analisi kimiko aurreratuaren eta machine learning bidez”, azaldu du Uhartek. Momentuz egitura xumea eduki arren—hiru langile eta beste hiru lagun praktiketan—, enpresak dagoeneko Espainian, Latinoamerikan, Erresuma Batuan, Portugalen eta Alemanian merkaturatzen ditu bere produktuak, eta helburutzat jarri du datozen bi urteetan milioi erdi euroko fakturaziora iristea.

Ekitaldiaren amaieran Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak galdetu zuen bezala: “Eta hemendik aurrera zer?”. Bada, ondo egindakotik, ikasitakoari jarraitu: elkarlanari eta unibertsitateko ikertzaile, administrari eta ikasleen sormen eta ekintzailetza babesten jarraitzeko. “Etorkizuna geroz eta teknologikoagoa den arren, pertsonak dira era honetako ekimenak sustatzen dituztenak, ideiak dituztenak, erronka hartzen dutenak, ausartzen direnak. Izan bioteknologian, teknologia kuantikoan, ekonomia berdean edo kultura eta sormen industrian. Denetan beharko dugu izan ekimena eta babesa, pertsonak eta erakundeak. Izan dadila, beraz, gaurkoa, ZITEKen hurrengo etaparen lehenengo eguna”, desiratu zuen.

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver Política de cookies
Privacidad